XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Familiaren alde

Joxe Agustin Arrieta

Urte berriaren atarian gaude, eta aurtengo hau, zuzenki, gainera Familiaren urtea izango da.

Denok, zu eta ni irakurle, familia batean sortuak gara.

Familiaren eskolatik sartu gara gizartean eta historian.

Baina hainbeste eta hainbeste erakunde krisi larrian sartuak ditugun gure egunotan, familia ere ekaitz barru-barruan, haruntz-honuntz, hor dabilkigu nora ezean.

Eta familiarekin batera dena dago kolokan: gizartea eta gizakia oro.

Zoritxarrez, gure arteko familia asko ostatu bihurtu dira maitasun ezaz.

Etxe dotore eta ikusgarriak, bai, baina hotzak.

Gela apain eta jantoki ederrak eta haltzari bikainak nonnahi, baina sukaldearen beroa eta gozotasuna falta.

Nork bihurtuko ditu etxe bero eta goxo, gure arteko hainbeste ostatu hotz eta ezhabitagarri?

Dirudi, gaurko egunotan, familia lehengo usadio eta ohitura zahar batzuen lerroan ezarri behar dela, edo lehengo oroitzapen polit bat bezala txoko batean gorde, aiton-amonen oroigarriekin batean.

Eta ez dugu holakorik onartu behar.

Bixtan da, ez duela balio ametsik egitea: haurtzaroan ezagutu dugun familiako bizimolde hura, ez dugu gehiago ikusiko.

Baina, oraingo mendeari doakion era berri batean, lehen bezain beharrezkoa da familia, lehen bezain sakratuak familiaren zimenduak, edo familiaren legeak deitzen genituen haiek.

Halaxe digu gaurko ebanjelioak: Eta Simeonek haurraren ama Mariari esan zion: - Begira, israeldar asko erortzeko eta beste asko altxatzeko ipinia dago hau; eta eztabaida sortzen duen ezaugarri izango da, horrela bihotz askotako asmoak argitan ager daitezen, eta zerorri ezpata batek aldez alde zulatuko dizu arima (Lk. 2,34-35).

Zenbat ezten, zenbat arantza eta malko gure etxeetan, badaki honen berri gure sukaldeetako giza hotz-beroak.

Halaz ere, aurrera egin beharra dago.

Ez dira batere moda zaharrekoak.

Ebanjelioak eta elizak familiaz beti eman dizkiguten irakaspenak: ezkontza, eta kristauontzat ezkontzako sakaramentua, zein den gauza ederra eta baliosa; hitza hitz dela, eta biziko laguntzat hartua denari zor zaiola leialtasuna, azken orduraino: haurren munduratzea, eta haien hezitzea, esan nahi baita haunditzen laguntzea, begirunea eta elkarrizketa zabaltzea, elkar-laguntza eta maitasuna sendotzea.

Hauxe familiaren bokazioa: ardura, karga eta ederra.

Bikotea eta familia, gurasoak eta seme-alabak bizibidean dihoazkigu; hots, hazitzea eta hezitzea, hona kristau gurasoen egiteko nagusia.

Aurkako haize eta galerna guztien gainetik, ez gara usadio zahar batzuk salbatu nahiz ari: oraingo gizon eta emazte, oraingo haur eta gazteen ongia eta zoriona ditugu bilatzen.

Haurra hezitu eta zaharra zaindu: horra hor helburu.

Familiak behar du bizitu.

Atzo EGUBERRI, GABON genuen iragarri, hala genuen igarri.

Geldi dadila Jainkoa gurekin.

Ez dadila joan otordu, turroi, txanpan, soinu, algara eta gure etxeetako belenekin batean.

Ez dadila joan Jainkoa.

Geldi dadila gurekin, gizon emakumeek elkar maitatuz bizi daitezen.